INGURUNEA - CIN - Viana

Las Cañasko urtegiko

Natura Erreserba

 

Nafarroaren mendebaldeko muturrean, Logroñoko periferian, Las Cañasko urtegiko natura erreserba dago: Salobre ere deitzen zaio, inguru hark hala baitu izena. Berez, ezta urtegi bakarra, baizik eta bi (zingira zaharra eta berria), dike batek bereizita. Ur xaflak 80 hektarea inguru hartzen ditu: azalera hori nabarmen aldatzen da klimaren, urtaroaren eta ureztatzeko erabiltzen den uraren arabera.

Hezegunearen jatorria da Pedro Sáez de Viguerak XVI. mendean egindako ureztapen putzu bat. Gaur egun, inguruko soroak ureztatzeko erabiltzen da, baina aintzira natural baten antza du, begetazio zabal eta aberatsagatik eta forma bihurgunetsuagatik. Beste estepako aintzira batzuen moduan, landareek orlak osatzen dituzte, zirkulu irregularretan. Beraz, urpeko larreez gain, lezkak, ihiak, milazkak, larre hezeak, gatz lautadak eta landare mediterraneoak daude.

Hegazti askok egiten dute habia Las Cañasen, adibidez zingira berdantzak eta koartza hauskara nahiz gorriek. Zingira mirotzek, hegaberek eta zertzetek hezegunean igarotzen dute negua. Beste batzuetan, hegaztiek urtegia erabiltzen dute soilik migratu bitartean atseden hartzeko: hori egiten dute, besteak beste, uroilanda pikartek eta ahate gorriztek. Azken finean, paradisua da hegaztientzat, eta etxea ere bada txitxi burruntzientzat, mariorratzentzat eta bisoi europarrarentzat. Las Cañasko urtegia RAMSAR zerrendan dago nazioarteko garrantziko hezeguna gisa (1996), eta Natura 2000 Sarearen barruan dago, hau da, biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen Europako sarean.

KASU!
Urtegia natura erreserba bat da, eta ez atseden eremu bat. Errespetatu urtegia bisitatzeko gomendio eta arauak:

  • Ezin dira eraman txakurrak edo bestelako etxe abereak.

  • Ibilgailua aparkalekuan utz ezazu, behatokiaren ondoan.

  • Ahal baduzu, bisitatu lehenik hegaztien behatokia. Sarrera doakoa da, eta bertan jasoko duzu urtegiaz modu egokian gozatzeko informazioa.

  • Ez zeharkatu urtegia inguratzen duten hesiak eta ez jaitsi dikeetako harri lubetetara.

  • Ez askatu dortoka edo arrainik. Fauna exotikoak larriki eragin diezaioke hezeguneko bizitzari.

  • Ezin dira autokarabanak kanpatu.

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak